sábado, 10 de diciembre de 2011

Egoitz Murgoitiok irabazi du Puente Viesgoko lasterketa

Maialen Igartua
Egoitz Murgoitio

Sorpresarik ezean, Egoitz Murgoitio bizkaitarrak irabaziko du aurtengo Espainiako kopa. Hiru lasterketa egin dituzte dagoeneko, eta hiruetan lehena izan da Murgoitio. Hala, Igandean Alcobendasen jokatuko den lasterketan, Murgoitiok lehen hamar sailkatuen artean gelditzearekin nahikoa dauka lider izateko.

Puente Viesgokoa izan da azken garaipena. Abadiñoarra bakarrik ailegatu da helmugara, eta bigarren sailkatuari minutu bateko aldea atera dio. Aitor Hernandez izan da bigarren sailkatua, Orbea taldekoa. Hirugarrena, berriz, Isaac Suarez izan da, Bioracer BH taldekoa.

Kasualitatez, ala ez, Espainiako kopako sailkapen nagusian ere hiru txirrundalari horiek daude lehen hiru postuetan. 75 puntu ditu Murgoitiok, 54 Hernandezek eta 52 Suarezek.
Aitor Hernandez, bigarren sailkatua


Puente Viesgoko lasterketan Oscar Vazquez galiziarrak aurre hartu dio Murgoitiori lehen kilometroetan. Abadiñoarrak, ordea, laster lortu du aurre hartzea, eta lasterketaren amaiera arte joan da buruan, erritmoa harturik.  “Nire asmoa ez zen lasterketa bakarrik egitea. Vazquez gogor hasi da, baina segituan apaldu da eta bakarrik geratu naiz aurrean. Gustora sentituko nintzen erritmoa hartu dut, eta Hernandezi aldea areagotzen saiatu naiz”, adierazi du Murgoitiok.

Lasterketako zirkuitoak ere lagundu dio abadiñoarrari. Hasierako zatian lokatz apur bat zegoen, baina goizak aurrera egin ahala lehortu egin zen, eta zirkuitoa ondo geratu zen.

Datorren igandeko lasterketari begira, berriz, “irabaztera” joango dela adierazi du Murgoitiok, “eta gero gerokoak”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario