domingo, 18 de diciembre de 2011

"Gure herrian horrelako toki baten falta igertzen da"


Entsegu-gelak, aisialdirako tokia, erakusketak… Beste herri batzuetan ez bezala, gazteontzako aukera asko eskaintzen ditu Basozelaiko Gaztetokiak

Egoitz INGUNZA

Basauriko maldan gora eginez, Udaletxea baino gorago, Basozelai auzoa aurkitzen dugu. Bertan, CD Baskoniaren Pedro Lopez Cortázar zelai mitikoa zegoen tokiaren ondoan,-orain pisuak eraikitzen ari dira-, eta Skate-Park Basozelaiko Kultur Etxea dago.

Maldan behera egindako eraikina da. Zazpi pisu ditu, goikoa 0.pisua dugu, eta azkenengoa -7.pisua. Arkitekto modernoen gauzak. Goiko pisuan taberna aurkitzen dugu, kristalezko paretak dituena. Behera joan heinean, liburutegia eta ikasketa-gelak, jubilatu elkartea, haur txikientzako ludoteka eta haurtzaindegia, eta azkenik Gaztetokia.

Gela handi bat da. Bertan, billar mahai pare bat, ordenagailu bat, bi Play Station, telebistak etab. aurkitzen ditugu. Gainera, musika disko kolekzio sakon bat ere badago, nahi duenak edozein aukeratzeko, eta bertan jartzeko.

Bertan aurkitzen ditugu Joanes Aranzabal eta Jon Martinez. Noizbehinka joaten dira Gaztetokira, arratsalde pasa. Martinez ustez lokala “ondo dago” eta gazteek behar dituzten gauzetara moldatzen da. “Hemen gauza asko egin ditzakegu, teilatu bat eta lokal bat daukagu, dohakoa, eta ping-pongean edo billarrean aritu gaitezke”, dio gazte usansolotarrak. Jon eta Joanes ez dira basauritarrak, Galdakaokoak dira.

Orduan zergatik eotri Basozelaiko Gaztetokiraino? “Gure koadrillakoek hemen entsaiatzen dute, eta gu batzuetan etortzen gara”, diote gazte galdakaoztarrek. Euren herrian horrelakorik falta baden galdetzean biek baietz esaten dute. Aranzabalen ustez, “gure herrian be egin beharko zen horrelako zerbait”. Bere lagunak ere berdina pentsatzen du, “gure herrian horrelako zerbaiten falta igertzen da, gu lehenengo aldiz etorri ginenean harrituta geratu ginen tokiarekin. Gure herrian ez dagoenez, ondoko herrian ikusteak… esan daiteke inbidia eman zigula”.

Denbora pasatzeko tokiaz gain, ekintza asko eskaintzen ditu lokalak. Martinezek ezagutzen ditu, eta gauza positibotzat harten ditu. “Data konkretuetan ekintza ezberdinak egiten dira umeentzat, adibidez Halloween egunean zerbait berezia egitea, Gabonetarako, orain, prestatzen ari direna…”.

Ekintza guzti horietatik oihartzun handiena dituztenak musikaren munduarekin erlazioa dutenak dira. Basauriko Udalak bultzatutako Musika ON programaren barruan, lehen aipatutako entsegu geletatik aparte, kontzertuak, instrumentu ezberdinen klase magistralak (baxua, bateria, gitarra...) edota maketa lehiaketa aurki ditzakegu.

Aranzabalentzat aukera polita da zuzenean jotzeko, eta “euren musika erakusteko. Gure koadrillakoen taldeari, adibidez”. Koadrillako talde hori Stinks dira. Basaurin entsaiatzen dute taldearen sorreratik, “orain dela hiru urte”, dio Aitor Makazagak, taldeko bateria-joleak. Taldeko kide guztiak Galdakaoztarrak dira, baina Basozelain entsaiatu behar izaten dute, euren herrian ez dagoelako horretarako aukera ematen duen tokirik. “Galdakaon entsaiatu nahi baduzu, lokal propio bat alokatu behar duzu, eta hori ez da ekonomiko irtetzen”, dio Makazagak.

Basozelaiko entsegu geletan 20 ordu entsaiatzeak, 25 euro dira. Horrela, astero zure ordua daukazu hiru entsegu-geletatik bat erabiltzeko. Gela insonorizatu bakoitzak Basauriko auzo baten izena dauka, hala nola, Lapatza, Finaga eta Sarratu. Gela bakoitzak ahots-ekipo bat (mikroak barne) eta bateria bat dauzka. Gainera, taldeek euren amplifikadoreak gordetzeko bi biltegi ere badaude. Makazagaren ustez, ekipamendua “ona” da.

Bertan entsaiatzen eman dituen hiru urtetan, ez du arazo handirik izan bertako arduradunekin, horregatik Aitorrek pertsonala “majoa” dela uste du. Kontzertuak emateko aukeraz, eta maketa lehiaketaz ere iritsi positiboa du, berea bezalako talde gazteentzat beharrezkoa dela uste du.

Hona hemen, adibidetzat, Woodstock Trio-k Basauriko Gaztetokiko kontzertu-gelan emandako zuzenekoa:


Gazteentzako eskaintza aldetik aldea nabaria da, beraz, Basauri eta Galdakao artean. Ondoan aurkitzen diren bi herri handi dira, populazio aldetik. Baina, udaletxeak bultzatutako ekintzetan Galdakao txiki gelditzen da. Umeentzako eta gazteentzako topagunea egiteko saiakera egin zen orain dela bost bat urte, baina, ez tokia, ezta kudeaketa, ez zen beharrezkoa izan.

Musikaren arloan ere, gutxi dira Galdakaoko udalak bultzatutako ekintzak. Musika eskolaz aparte, ez dago taldeentzat entsaiatzeko tokirik. Jaietan kontzertu pare bat emateko aukeraz aparte, ez dago ezer.

Eta Galdakaoko gazteek bizi behar duten kaskarkeriaren hirugarren puntua Gaztetxe baten falta da. Udalak kasu honetan, beste askotan bezala, asko esan, baina gutxi egin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario