lunes, 31 de octubre de 2011

Errealaren porrotek alarma gorria piztu dute Donostian

Haizea Holgado Olleta

Bazirudien aurten Errealak pila berriak jarri zituela, eta goiko postuetan egongo zela, baina gauzak txarrera doaz. Txuri-urdinek ondo hasi zuten denboraldia; Sportingi 1-2 irabazi zioten eta Bartzelonaren aurka 2-2 berdindu zuten. Sevillaren aurka 1-0 galdu zuten, baina zelaian bihotza ere utzi zuten. Etxean ere irabazi zuten, Granadaren aurka (1-0).

Egoera guztiz aldatu da. Txuri-urdinek sei partidu daramatzate irabazi gabe. Zaleak kezkatuta daude, eta alarma gorria piztu da donostian. Azken hamazortzi puntu posibleetatik soilik bat eskuratu dute. Mallorkaren aurka (2-1), Athleticen aurka (1-2) eta Zaragozaren aurka (2-0) galdu dute. Getaferen aurka 0-0 berdindu dute Anoetan. Azkenengo bi partiduak ere galdu ditu, Levanteren aurka (3-2) eta Real Madrilen aurka (0-1).

Erreala BBVA Ligaren azkenengo tokietan dago zortzi puntuekin. Sporting eta Racingekin berdinduta dago.

domingo, 30 de octubre de 2011

Athleticek Sportingnen aurka berdindu du


Haizea Holgado Olleta

Athleticek ez du liga indartsu hasi, baina poliki poliki bere bidea egiten ari da. Sportingen aurka gaur jokatutako partidua kontuan hartuz, zuri-gorriek zortzi partidu galdu gabe daramatzate. Athelticek 13 puntu ditu eta ligako zortzigarren postuan dago.

Sporting-Athletic partidua gorabeheratsua izan da. Emanaldian ezin izan dugu baloiaren jabe zehatz bat aurkitu. Bielsaren mutilak kostata eutsi diote baloi jabetzari eta eskuratzerakoan erraztasunez galdu dute. Defentsek ere ez dute euren lana ondo bete, eta Iraizozek, behin eta berriro gelditu behar izan ditu Sportingnen baloiak.

Athletickek Javi Martinez eta Fernando Amorebieta bajan ditu eta horrek eraginak izan ditu zelaian. Iker Muniain eta Ander Herreraren arteko loturak ondo funtzionatu du eta zenbait aukera lortu dituzte. Llorente arriskuarekin heldu da Juan Pabloren atera, baina ezin izan ditu jokaldiak bukatu.

Partiduaren bigarren zatia tentsioz beteta egon da. 62. minutuan, Susaetak Athleticen alde gola sartu du. David Lopezek jokaldia hasi du eta Toqueroren paseari esker Susaetak baloia sarera bidali du. Sporting ez da atzean geratu, eta 70. minutuan, Balicek gola sartu du.  Berdinketa honekin partiduak indar asko galdu du. Bi taldeak, puntua lortzeko neurketaren bukaeraren zain egon dira.

Bielsak partiduaren ostean egindako adierazpenak www.eitb.com

jueves, 27 de octubre de 2011

Zaldua eta Otaegiren arteko apustua igandean

Maialen Igartua

Xabier Zalduarentzat eta Joseba Otaegirentzat egun garrantzitsua izango da datorren igandekoa. Bien arteko apustua egingo dute Azpeitian, eguerdiko hamabietan. Hamar kanaerdiko eta lau kanako aizkoraz moztu beharko dituzte bakoitzak lehenik, eta ondoren 8 kilometro egin beharko dituzte korrika. Hau da, guztira 80 buelta eman beharko dizkiote zezen plazari. Bakoitzak 5.000 euro jarri ditu jokoan.
Xabier Zaldua

Otaegi aizkolari entzutetsua da: iaz bosgarren geratu zen Euskadiko txapelketan. Hala, Zalduak korrikan atera nahi dio aldea. “Pentsatzen dut berak nik baino lehenago amaituko duela egurra mozten, baina ahalik eta alde gutxien ateratzen saiatuko naiz, korrikan aurre hartu ahal izateko. Berak 90 kilogramo pisatzen ditu, eta abantaila du aizkorarako, baina nik 79 kilogramorekin hobe moldatzen naiz korrikan”, adierazi du Zalduak Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketan.
Joseba Otaegi

Tunisiaren aurka jokatuko du Euskal Selekzioak abenduaren 26ean

Maialen Igartua

Euskal Selekzioa

Datorren abenduaren 26an partida jokatuko du Euskal Selekzioak, Tunisiaren aurka. Horixe adierazi du, bederen, Sami Trabelsi Tunisiako selekzioko entrenatzaileak. Euskal Futbol Federazioak adierazi duenez, ordea, oraindik ez dute akordio zehatzik lortu Tunisiarekin.
Amorrortu
Ordurako hautatzaile berria izango du Euskal Selekzioak. Asteazkenean Euskal Futbol Federazioak jakinarazi zuenez, Jose Maria Amorrortu Euskal Selekzioko hautatzailea izango da aurrerantzean Mikel Etxarrirekin batera. Hala, orain arte Javier Iruretak izandako kargua hartuko du Amorrortuk. Batzarrean hartu zuen erabakia federazioak.
Tunisiako selekzioa
Ez da Tunisiak abenduan jokatuko duen partida bakarra izango. Euskal Selekzioaren aurka jokatu aurretik, Kataluniako Selekzioaren aurka jokatuko du abenduaren 22an. Bi partida horiek baliagarriak izango zaizkio Tunisiari, Afrikako Koparako prestatzeko.

Iaz Venezuelako Selekzioaren aurka jokatu zuen Euskal Selekzioak, eta 3-1 irabazi zuen. Hemen partida hartako zatirik onenak erakusten dituen bideoa.

lunes, 24 de octubre de 2011

Gurpegik denboraldi guztia gal lezake, lotailu-hausturagatik

Egoitz Ingunza
Carlos Gurpegik denboraldi osoa gal dezake, ezker belaunean aurreko lotailu-haustura bategatik. Bart gauean Valentziaren kontrako partiduan, zelairatu eta hamabost bat minutura, postura txarrean zapaldu zuen Andosillakoak, eta momentuan bertan aldatu behar izan zuten. 

Hasiera batean, zaintiratu bat soilik zuela uste zuten, baina gaur goizean Bilbon egindako proba medikoek berri txarrena baieztatu dute. Medikuek estimatu dutenez, sei eta zortzi hilabete artean egon beharko da bajan erdilari nafarra. Ebakuntza eguna oraindik zehazteko dago, Athleticek konfirmatu duenez. 

Galera garrantzitsua izango da Bielsarentzat. Izan ere, nahiz eta azken partiduetan ez duen titular moduan jokatu, postu askotan erabili izan du argentinarrak Gurpegi.

domingo, 23 de octubre de 2011

Valentzia 1 - Athletic 1


Haizea Holgado  Olleta

1-1 bukatu da BBVA Ligan Athletickek Valentziaren aurka Mestallan jokatu duen partidua. Berdinketa honekin talde zuri-gorriak puntu bat lortu du. Partiduak erritmo bizia izan du, hasiera batean Valentziakoek aurrealdea hartu dute. Minutu gutxitan hiru gol aukera izan dituzte. Baina zorte aldi hori laster bukatu da.

Partiduaren 14. minutuan Susaetak gola sartu du Athleticken alde. Epaileak deuseztatu egin du gola Susaetak jokoz kanpoko pozisiotik jaurti duela esanez, baina zaleen arabera erratu egin da.

Bigarren zatian, Muniainek gol aukera ona izan du, baina bigarren aukera bati itxaron behar izan diote zaleek Athleticken gola ikusteko. Munainek ertzetik egindako jaurtiketari esker, 0-1 gelditu da markagailua.

Golaren ostean, Valentziak pilak jarri ditu eta eraso egin du. Gol aukerak bilatzen aritu da eta azkenean berdinketaren gola sartu du. Banegak baloia hartu, Soldadori pasa eta honek Valentziaren lehenengo gola sartu du. Partidua 1-1 bukatu da. 

Bihotzean eramango zaitugu Simoncelli

Haizea Holgado  Olleta

Marco Simoncelli hil egin da, 24 urterekin. Pilotu italiarrak MotoGPko Malasiako Sari Nagusian istripu bat izan du. Lasterketaren bigarren bueltan Simoncellik motorraren kontrola galdu du, eta  nahiz eta kontrola berreskuratzen saiatu, ez du lortu. Momentu horretan Colin Edwardsen motorrarekin talka egin du. Zoritxarrez, Simoncellik burua motorrarekin gogor jo du, kaskoa ere galtzeraino. Pilotuak konortea galdu du eta asfaltoan etzanda geratu da.

Sepaneko zirkuituko medikuek Simoncelli erreanimatzen saiatu dira. 45 minutu egon dira erreanimazio lanetan, baina ez dute ezer lortu. Michele Macchiagodena medikuak prentsaurrekoan azaldu duenez, Simoncellik zituen zauriak oso larriak ziren. “Anbulantziara konorterik gabe heldu da, 45 minutu egon gara erreanimatzen baina ezin izan dugu salbatu”.

Egoeraren larritasuna ikusita, lasterketaren zuzendaritzak lasterketa geldiarazi du. Zuzendaritzak esan duenez segurtasuna bermatzeko gelditu dute lasterketa.


miércoles, 19 de octubre de 2011

Patxi Usobiagak eskalada utzi du, lesio batengatik

                                                                                    Maialen Igartua

Ez dira garai onenak Patxi Usobiagarentzat. Eskaladatik erretiratzea erabaki du 31 urteko eibartarrak, sorbaldako lesio batengatik. Eibarren eman du bere erabakiaren berri, baita bere webgunean eta Facebook sare sozialean ere. “Aurrean dudan bizitza proiektuz eta planez beteta dago, eta horrek erabaki hau hartzea erraztu dit”, adierazi du Usobiagak.
Duela bi urte, 2009an, munduko txapeldun izan zen Usobiaga Chinan egin zen txapelketan, eta beste hainbat goi mailako sari ere lortuak zituen aurretik. 2009ko txapelketa hartan, ordea, lesio larria izan zuen sorbaldan. Iaz, berriz, auto istripua izan zuen, eta bizkarrezurreko hernia bat du ondorioz. Bi faktore horiek eragin dute eibartarrak erritiratzeko erabakia hartzea.
Informazio gehiago, Marca egunkariaren webgunean.
Patxi Usobiagaren palmaresa:
Txapelketak:
Munduko Txapelduna 2009an
Europako Txapelduna (2008)
Munduko Kopako txapelduna 2007an
Munduko Kopako azpitxapelduna 2007an
Munduko Kopako Txapelduna 2006an
Munduko azpitxapelduna 2003-2005ean
Espainiako Txapelduna 2004-2005ean
Master Serre Chevalier-eko Txapelduna 2005-2006an
4. postua Munduko Kopako sailkapen nagusian (2003)
5. postua Munduko Kopako sailkapen nagusian (2004)
6. postua Munduko Kopako sailkapen nagusian (2005)
Txapelduna World Games-ean 2005ean
Europako Txapelduna 18 urtez azpiko mailan
Hirugarren 18 urtez azpiko eta 20 urtez azpiko munduko txapelketan
Sariak:
Euskal Kirolari onena 2006an
2006ko eskalatzaile onena eskaladako climbing aldizkari amerikarrak izendatuta
Gipuzkoako kirolari onena 2006an
2006ko eskalatzaile onena eskaladako climbing aldizkari amerikarrak izendatuta
2003ko eskalatzaile onena Mejor 2003an www.8a.nu. eskalada webguneak izendatuta

Aritz Lasa lauterdiko txapelketatik kanpo geratu da

                                                                                   Maialen Igartua
Aritz Lasa pilotari urretxuarra lauterdiko txapelketatik kanpo geratu da, ostiraleko partidua galdu ostean. Bere jaioterrian jokatzea tokatu zitzaion Lasari, baina mesede beharrean kalte egin zion. Izan ere, Lasak behin baino gehiagotan esan izan du ez zaiola herrian jokatzea gustatzen, sentitzen duen presioagatik.

Aritz Lasa (urdinez) eta Julen Retegi (gorriz)


Urduritasuna agerian geratu zen ostiralean Urretxun, Ederrena pilotalekuan. 22 eta 16 galdu zuen Lasak, Retegi bigarrenaren aurka, eta partidua ikusi zutenen arabera, nahiko joko kaskarra egin zuen urretxuarrak.
Hala, Retegi Bigarrenak aurrera egingo  du lauterdiko txapelketan, eta final laurdenetara pasa da. Ostiral honetan, urriaren 21ean, jokatuko du Abel Barriolaren aurka. Bi Nafarrek Beasainen jokatuko dute, Antzizar kiroldegian.
Informazio gehiago www.eitb.com orrialdean.


martes, 18 de octubre de 2011

Leioan da Ekinbus!

                                     Egoitz Ingunza, Haizea Holgado eta Maialen Igartua

Ekinbus autobusa Leioako kanpusean dago aste honetan, astelehenetik ostiralera, goizeko hamaiketatik hiruretara. Baina zer da ekinbus? Horixe galdetzen dute EHUko ikasleek autobusa kanpusean ikustean. Bada, Ekinbus ekimenaren kultura sustatu nahi duen kanpaina da. Ikasleek euren enpresa propioa sortzeko babesa ematen duten EHUko hiru  programek antolatuta dago, Zitek, Inizia eta Entreprenarik.
Autobusa leku estrategikoetan dago kokatuta: zuzenbidea, odontologia, gizarte zientziak, gizarte hezkuntza, arte ederren fakultateen aurrean. Izan ere, sektore horiek dira enpresa propioa sortzeko beharra izaten dutenak. 17an Odontologia fakultatearen aurrean egon da, 18 eta 19an Arte Ederren aurrean, eta azken bi egunetan Mikel Laboa Plazan.



Ekitaldi ugari antolatu dituzte ikasleen arreta bereganatzeko. Horien artean, Elektrotuna Orkrestaren zuzeneko musika eta antzerki emanaldiak. Gainera, autobusa bera ere margotu egin dute kolore erakargarriekin, “punk” estiloan. Horrez gain, GustArtek diseinatutako 25 kamiseta zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta Photocallean egindako argazki bat Facebookera igoz gero, TABLET bat irabaz dezakezu.
Hurrengo astean Arabako Kanpusera joango da autobusa, urriaren 26tik azaroaren 3ra. Eta Gipuzkoako Kanpusera, berriz, azaroaren 14tik 18ra egongo da.

lunes, 17 de octubre de 2011

Iniesta zelaira itzuli da, lesioa gaindituta

Maialen Igartua

Lesio batengatik hilabetez jokatu gabe egon ondoren, zelaira itzuli da Andres Iniesta Bartzelonako jokalaria. Milanen aurkako partidu batean egin zuen lesioa Iniestak, Champions denboraldiko lehenengo partiduan.  Bere Twitterrean jakinarazi duenez, “oso gustora” dago berriro ere jokatu ahal izan duelako. “Izugarrizko sentsazioak izan ditut. Ez dago itzultzeko modu hoberik”.
Twitterrean behin eta berriro eman dizkie eskerrak Iniestak jarraitzaileei, hilabete “gogor” honetan babesa emateagatik. Bestalde, berak ere babes mezuk bidali dizkio bere taldeari sare sozialaren bidez, zelaian ezin egon izateagatik penatuta.
Iniestaren itzulerak aire freskoa ekarri dio Bartzelonari, baina azken partiduan nabarmendu zena Leo Messi jokalari argentinarra izan zen, eta hark sartu zuen partiduko lehendabiziko gola. 3-0 irabazi zioten Racing de Santander taldeari.
Bideo honetan ikus dezakegu partiduaren laburpen bat.

Josetxu Rodrigez: "Medio digitaletako kazetariak oso bizkorra izan behar du"

Maialen Igartua

“Kazetari digitalak oso bizkorra izan behar du, beti adi egon behar du, eta jendeari zer interesatzen zaion jakin behar du”. Halaxe definitu du Josetxu Rodrigezek medio digitaletako langile ideala, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean eman duen hitzaldian. Deia egunkariaren edizio digitaleko edukien arduraduna da Rodrigez.
Josetxu Rodrigez
Rodrigezek azaldu duenez, medio baten webgunean lan egiten duten kazetariek egunean 2.000 teletipo inguru jasotzen dituzte erredakzioan, eta lan “izugarria” egin behar izaten dute albiste guzti horien artetik batzuk bakarrik aukeratzeko. Horregatik, webguneetako kazetariak eta papereko ediziorako lanean ari diren kazetariak uneoro harremanetan egoteko beharra nabarmendu du Rodrigezek, bestea zer egiten ari den jakiteko momentu bakoitzean.
Oso garrantzitsua izaten da webguneko albisteak ondo aukeratzea eta dagokien garrantziaren arabera kokatzea. Izan ere, Rodrigezen esanetan, erabiltzaile bakoitzak bataz beste minutu bat eta hamabi segundo baino ez dituzte pasatzen albiste bat irakurtzen.
Azken finean, webguneetan zenbat jende sartzen den, zein albiste irakurri duten, zenbat denbora pasa duten eta halako datuak gordeta geratzen dira, eta kazetariek segituan jakin dezakete. Hortaz, albistea publikatzen dutenetik gutxira jakingo dute euren lana ongi egin duten, hala ez.

domingo, 16 de octubre de 2011

Fernando Llorente: "Jokatzeko ondo nago"


Haizea Holgado Olleta

“Jokatzeko ondo nago” esan du Fernando Llorentek Lezaman egindako prentsaurrekoan. Jokalari zuri-gorriak biharko partiduan dena emango duela esan du. Llorenterentzat bihar Osasunaren aurka jokatuko duen partidua oso garrantzitsua da: “Biharko partidua irabaztea ezinbestekoa da, goiko postuetara eraman gaitzake eta guk hor egon nahi dugu”.

Athleticek Twitterren idatzi duenez, "azken urteetan Llorentek Osasunari golak sartu dizkio eta partidu on bat egiteko gogoak ditu".

Llorentek zuri-gorrien zaletasuna saritzeko hitz batzuk ere izan ditu: “Gure zaleak hiltzeraino daude gurekin, haiengatik hiltzeraino borrokatu behar dugu”.

Prentsaurrekoa Athletic Clubaren web orrian eskuragarri dago.

Luis Suarez: "Arrazakeria akusasioengatik minduta nago"


Egoitz Ingunza
Luis Suarez, Liverpooleko aurrelari uruguaiarra, “minduta” aurkitzen da, komentario arrazistak egin zituela egotzi diotelako. Aurrelariak bere Twitter eta Facebook kontu ofizialetan idatzi duenez, “oso minduta nago akusazio horiengatik, pertsona guztiak errespetatzen ditudala soilik esan dezaket. Guztiak berdinak gara”.



Akusazio hauek Patrice Evra Manchester Unitedeko defentsa frantsesak egin ditu. Evrak The Guardian egunkarian adierazi duenez, larunbateko Liverpool- ManU partiduan (1-1), “hamar aldiz” iraindu zuen uruguaiarrak. Evraren hitzetan, “berak badaki zer esan zidan, eta epaileak ere bai”. 

sábado, 15 de octubre de 2011

2012ko Giroa Danimarkan hasiko da


Egoitz  Ingunza

Italiako Giroaren 95. Edizioa Danimarkan hasiko da, maiatzaren 5ean, eta ohikoa den bezala, Milanen bukatuko da, 27an. Ibilbidea ez da guztiz ofiziala, igande arratsaldean (15:05etan) aurkeztuko baita 2012ko Giroa jende aurrean. 

Ezagutzen dena, Danimarkako hasieraz gain (lehenengo hiru etapak herrialde horretan izango dira), azken aste gogorra da. “Tuttosport” web gune italiarrak jakinarazi duenez, etaparik gogorrenak azken asterako geratuko dira, azken aurrekoa erregina izanda. Egun horretan, 218 kilometrotan, Tonale, Aprica, Teglio eta Mortirolo mendateak pasa ostean, etapa Passo del Stelvion bukatuko da, 2757 metrora. Guzti hau txirrindulariek 3 eguneko esfortzu guztia gainean darametela. Hiru erlojupeko egongo direla ere ezagutu da, bat Milanen, azken etapan.


miércoles, 12 de octubre de 2011

Susaeta: "Etxean irabazteko ordua heldu da"


Haizea Holgado Olleta
    
Athleticek ez du oraindik Ligako partidurik irabazi etxean. Betisen aurka galdu egin zuen eta Rayo Vallecano eta Villarealen aurka berdindu. Gauzak horrela, Markel Susaetak Lezaman adierazi duenez,  “etxean irabazteko eta beheko postuetatik irtetzeko ordua heldu da”.

Astelehenean Osasunaren auka jokatuko dute. Susaetak argi dauka: “Osasunari irabazi behar diogu beheko postuetatik irtetzeko. Azkenengo partiduetan bezala jolasten badugu, irabazteko aukera asko izango ditugu”.

Bielsarekin aldaketak egon direla adierazi du Athleticeko jokalariak: “Lan ezberdina egiten dugu orain eta era ezberdinean jokatzen dugu”.


domingo, 9 de octubre de 2011

Javier, zer urrun dago Kamerun...

Egoitz Ingunza

Javier Clementek Kamerungo hautatzaile izateari utzi dio. Ez du 2012ko Afrikako Koparako sailkapena lortu, nahiz eta azken partiduan, ostiralekoan, Kongoko Errepublika Demokratikoaren aurka 3-2 irabazi. Ez du beraz, Afrikako Nazioen Txapelketarako txartela lortu, Kamerunekin fitxatu zuenean ezarritako helburu nagusia. 

Gainera, barakaldotarraren izaera bereziak ere arazoak sortu dizkio herrilde afrikarraren futbol federazioarekin. Urrian, Kongoren aurka bana amaitutko partiduaren ostean, Espainiara bueltatu zen inor abisatu gabe, federazioko agintariak haserretuz.

Duela aste bat, beste polemika batean murgilduta agertu zen Clemente: Kamerungo komunikabide batzuk Lemonako jokalari bat konbokatuz probetxua ateratzen zuela publikatu zuten. Bizkaitarrak guztia ezeztatu zuen, baita Lemonako presidenteak baita ere.




Vettel munduko txapeldun, guztien gainetik

Egoitz Ingunza


Sebastian Vettel alemaniarra F1eko mundukotxapeldun bilakatu da bigarren aldiz Suzukan, hirugarren postuan bukatu ostean. Buttonek irabazi du lasterketa, Alonso bigarren izan da, eta Vettel hirugarren. 24 urterekin, bi txapelketa lortzen dituen gidaririk gazteena da Red Bullekoa. 

Red Bull-Renault taldea ere guztien gainetik ibili da urtean zehar, kotxerik onena dutela erakutsiz. Webber australiarrak ere denboraldi ona egin du, laugarren dago 194 punturekin, baina oraindik bigarren amaitzeko aukera dauka.



Bere aurretik Button eta Alonso aurkitzen dira. Britainiarraren lehenengo denboraldia da McLarenen, eta bere taldekidea den Hamiltonek baino denboraldi egonkorragoa gauzatu du. Alonsok aldiz, ez du azkarrenekin egoteko kotxerik izan, baina, merituzko lasterketa asko burutu ditu.

sábado, 8 de octubre de 2011

"Sweet home Athletic de Bilbao"


Haizea Holgado Olleta

Alabamako (Estatu Batuak) Athletic Club zale batzuek “Sweet home Athletic de Bilbao” lagunartea sortu dute. Euren helburua talde zuri-gorrien zaletasuna AEBetako hegoaldean hedatzea da.


"Beste estatu batzuetan bazkideak lortzeko gizarte eta kirol ekitaldiak antolatuko ditugu”, adierazi dute lagunarte berriko kideek prentsa ohar baten bidez. Horretaz gain, estatubatuen arreta lortu nahi dute Athletic bezalako kirol erakunde batekiko, izan ere, talde zuri-gorriak dituen balioakin bat etortzen dira.
 
Antzekotasun hori unibertsitateko futbol amerikarreko taldeetan ikusten da. "Unibertsitateko futbol amerikarra jokatzeagatik dirurik jasotzen ez duten tokiko ikasleek osatzen dute. 100.000tik gora ikusleko estadioak dituzte eta astero bete egiten dira aurkakoa zein den eta eguraldia nolakoa den kontuan izan gabe", azaldu dute.

'Sweet Home Athletic de Bilbao' lagunarteko sortzaileek adierazi dutenez, "Unibertsitateko 'soccer' jokoak (futbol europarra aipatzeko AEBetan erabiltzen duten izena) AEBetan futbol amerikar unibertsitarioak izan duen arrakasta izatea lortuko bagenu, ziur gaude Europan egungo futbol profesionalaren eredu ekonomikoa zalantzan jarriko litzatekela".


Informazio gehiago www.eitb.com

jueves, 6 de octubre de 2011

Endesa Ligaren aurkezpena



Haizea Holgado Olleta  

Saskibaloia musika eta dantzekin nahastu egin da 2011-2012ko saskibaloieko Endesa Ligaren aurkezpenean. Aurkezpena Endesak Madrilen daukan egoitzean egin da. Bertan txapelketako jokalariak, entrenatzaileak eta arbitroak egon dira. Guztira Endesa Liga taldeko 25 protagonista izan dira. 

Aurkezpenean gonbidatu bereziak egon dira. 18 jokalari etorri dira,  Ligako talde bakoitzeko ordezkari bat. Haien artean: Juan Carlos Navarro (Bartzelona Regal), Jayne Carroll (Real Madrid), Victor Claver (Valentzia Basket) eta Fernando San Enterio (Caja Laboral) egon dira.

Baina emanaldian ez da guztia saskibaloia izan. Aurkezpena musika eta akrobaziez josita egon da. Hiru talde izan dira emanaldian parte hartu dutenak. Tom Pak perkusio taldea, Dream Cheers dantzakoa eta Crazy Dunkers akrobaziazko taldea.



Aurkezpenaren infromazio gehiago, eitb.com atarian.

miércoles, 5 de octubre de 2011

26. zortzi milakoa igotzea lortu du Juanito Oiarzabalek, Manaslura igota

Juanito Oiarzabal

Maialen Igartua

Manaslu mendiaren gailurrera ailegatu da gaur Juanito Oiarzabal mendizalea, Silvio Mondinelli eta veste mendigoizale italiar batekin batera. 8.156 metro ditu Manasluk, eta 26. Zortzi milakoa igotzea lortu du hala Oiarzabalek. Biharko beheko kanpamendura iristeko asmoa dute.
Gailurretik jaistean biriketako arazo batzuk izan ditu Oiarzabalek, eta begi bateko ikusmena galdu du, baina beste mendizale batzuen laguntzaz lortu du hirugarren kanpalekura iristea, 7.400 metrora.
Namaslu mendia
Berriro ere munduko zortzimilako guztiak igotzeko (hamalau dira guztira) lau baino ez zaizkio falta Oiarzabali, Dhaulagiri, Nanga Parbat, Broad Peak eta Shisha Pagma. Oiarzabalek, dena den, aitortu du lehen baino gehiago kostatzen zaiola halako mendietara igotzea, eta, horregatik,  “gero eta poztasun handiagoa” ematen dio lortzen duenean.
Informazio gehiago, eitb.com atarian

martes, 4 de octubre de 2011

Ruben Lanzek eta Ainhoa Sanzek irabazi dute Goierri Garaiko lasterketa

Maialen Igartua

Ainhoa Sanz, podiumean garaikurrarekin

Igande goizean egin zuten Goierri Garaiko XV.Herri Laskerketa, eguraldi ederrarekin. Ruben Lanz legazpiarrak lortu zuen garaipena gizonezkoen mailan, eta emakumenezkoenean, berriz, Ainhoa Sans urretxuarrak. 8,5 kilometroko proba da, Urretxu, Zumarraga eta Legazpitik igarotzen dena. Guztira, 105 lagunek hartu zuten parte lasterketan, Diario Vasco egunkariaren arabera.
27 minutu eta 39 segundoko denbora egin zuen Lanzek; minutu bateko aldea atera zion bigarrenari, Unai Hernandez urretxuarrari. Hirugarrena, berriz, Patxi Mendizabal azkoitiarra izan zen, Hernandezek baino zortzi segundo gehiagorekin.  Sanzek, berriz, 32 minutu eta 26 segundoko denbora egin zuen, eta minutu bat atera zion emakumezkoen arean bigarrenari, Pili Bodegas lasartearrari. Eva Pelaez andoaindarrak egin zuen hirugarren.
SAILKAPENA    


Gizonak
1.- Ruben Lanz Alcelay0:27:39• (Legazpi)
2.- Unai Hernandez Muñoz 0:28:33•(Urretxu)
3.- Patxi Mendizabal Arias 0:28:41• (Azkoitia)
4.- David Huebra Gomez 0:29:19• (Zumarraga)
5.- Javier Galindo Rodriguez 0:29:28• (Bilbo)
6.- Ricardo Veleda Prieto 0:29:30•(Urretxu)
7.- Asier Aranburu San Pedro 0:29:49• (Zumarraga)
8.- Jose Miguel Otegi 0:29:50
9.- Iñaki Ocariz Zaldua 0:30:48•(Zumarraga)
10.- Iker Mayoral Elizondo 0:31:00• (Mendaro)
Emakumeak
1.- Ainhoa Sanz 32:26
2.- Pili Bodegas 33:08
3.- Eva Pelaez 34:59

lunes, 3 de octubre de 2011

Caparros Mallorcako entrenatzaile izango da denboraldi amaieraraino

Joaquín Caparrós, Athleticeko entrenatzaile ohia, Mallorcako entrenatzailea izango da, denboraldia amaitu arte. Entrenatzaile andaluziarra talde barik zegoen, Neuchatel suitzarretik espero baino lehen joan behar izanagatik.

Entrenatzailez aldatzen lehen taldea izan da Ligan Mallorca. Ez emaitzak txarrak zirelako, baizik eta, Michael Laudrup entrenatzailearen eta Serra Ferrer akziodun nagusiaren arteko erlazioa eskasa zelako.
Irteera ahalbideratu zuena Laudrupen laguntzailea zen Erik Larsenen hitzak izan ziren. Web orrialde daniar bati egindako adierazpenetan, Serra Ferrer “pertsona txarra” zela esan zuen. Momentuan, taldetik bota zuten Larsen, eta Laudrupek, hau ikusita, dimisioa aurkeztu zuen.

Larsenen asuntoa ez zen bakarra izan. Lehendik Laudrup ez zen gustura aurkitzen Mallorcan, batez ere, ez zelako taldea berak nahi beste indartu.

Caparrosen izena gogor entzuten hasi zen Mallorca ingurutik, eta ostiralean Serra Ferrek eskaintza egin zion. Utrerakoak 48 ordu eskatu zituen erabakitzeko, azkenean baietza emateko. Oraindik ez da negoziaketa guztiz itxi, administrazio konkurtsalak baiezkoa eman behar baitu.


Jokin Kazetaritza ikasten hasi zen iaz, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ematen du gustatu egin zaiola. Talde barik zegoen bitartean Copen eta laSextan esatari lanak egin baititu. Hala ere, gutxi iraun du, berriro entrenatzen hasi behar du eta. Ematen duenez, Athleticen egindako lan txukunak, eta aurretik Sevillan eta Deportivon lortutakoak, caché garrantzitsua eman dio Caparrosi.

domingo, 2 de octubre de 2011

Bartzlelona, Superkopako txapeldun



Barcelona Regal taldea Endesa Superkopako txapeldun bilakatu da, Caja Laboral Baskoniari 82-73 irabazi eta gero. Laugarren laurden on batean, eta Navarroren (24 puntu) beste erakustaldi batean oinarritu du Barçak garaipena.

Miribillan ospatutako txapelketa barikuan hasi zen, Bizkaia Bilbao Basket eta Baskoniaren arteko partidarekin, euskal derbyarekin. Gasteiztarrek lortu zuten finalerako sailkapena, lehenengo laurden ikaragarri bati esker (18-32). Partidua lasai eraman zuten arabarrek (hogei puntuko aldea izatera heldu ziren), baina bilbotarrak ez zuten inoiz amore eman eta azkeneko minutuan bost puntura hurbildu ziren. Azken laurden zoroa izan zen, hutsegite askokoa, eta hor Baskonia bietatik onena izan zen. Azken emaitza, 88-93.

Beste finalerdia Real Madril eta Bartzelonaren artekoa izan zen. Emaitza estuarekin amaitu zen, 74-70 Bartzelonaren alde. Xavi Pascual entrenatzaileak onartu zuen bezela, “ez geunden gure mailaren %50era ere ez, eta ikusi egin da.” Hala ere, defentsa onean oinarrituz, finalerako pasea lortu zuten.

Eta finalean, Baskonia eta Barça aurrez aurre. Partidu lehiatua izan da, denboraldiko bigarrena dela kontutan hartu behar da, jokalari berriak taldeko dinamikan sartzen joateko. Azkenean, kalitateak erabaki du partidua eta txapelketa, eta kalitate gehien duena Navarro da. Final erdian ez zen guztiz gustura aurkitu, baina, bere entrenatzaileak partidu amaieran esan zuen bezala, “Navarrok ez ditu bi partidu txar jarraian jokatzen”.
Nahiz eta aurre-denboraldiko partidu itxura izan laurek, jokaldi ikusgarriak ikusteko aukera eman zuten. 

Derbia Bilbotarrentzat!

Derbia Bilbotarrentzat!


Reala - Athletic (1-2) 


Athleticek  derbia irabazi du. Partidua eguerdiko 12:00etan jolastu da Anoetan, Realak gogor saiatu du, baina talde donostiarrak ezin izan ditu lehoiak menderatu. Llorentek talde gorri-txuriarentzat bi gol sartu ditu. Iñigo Martinezek, Realeko jokalariak, gol ikusgarri bat sartu du. 54metroko distantziatik jaurti eta sarean sartu du baloia. Partidua 1-2an bukatu da. 



Partiduaren lehenengo zatian talde bilbotarra eskuratu du pilota. Llorentek baloia jaurti du, baina lehenengo gola ikusteko 33. minuturarte itxaron behar izan da. Atlético jokalariek baloia mantendu dute, baina donostiarrek gauzak sailtzen hasi dira. Zurrutzak gola sartzeko aukera ona izan du baina ezin izan du bere helburua lortu. Hemanaldiaren bigarren partean Realak kontratakean jardun du. Iñigo Martinezek gola sartu du 60. minutuan. Gola ikusgarria izan da; 54metro zeuden porteriaraino. Xabi Alonsok (Real Madrid) twitterren jarri duen bezala, “Anoetako golik onena izan da”. Baina bederatzi minutu beranduago Athleticek berdinketa hautsi du. Llorentek berriz ere gola sartu du. Bukaeran donostiarrek ezin izan dute partidua berdindu. Partidua Realak 1- Athletic 2 amaitu da.


Llorentek oso pozik bukatu du partidua. “Golak sartu behar nituen” adierazi du Athleticeko jokalariak. “Garaipena primeran etorri zaigu, orainarte la nona egiten ari genuen baina ez genuen emaitzak onak lortzen eta hori nekagarria da”.




Realeko entrenatzaileak ez du bere taldearen porrota ondo hartu. “Oso zaila izan da porrota onartzea”. Realak gaizki jokatu duela esan du Montainerrek. “Oso gaziki jolastu dugu lehenengo partean eta bigarrenean ez dugu hobetu”. Talde guipuzkoarra agresibitate eta eraginkortasun barik jolastu duela esan du entrenatzaileak.