sábado, 10 de diciembre de 2011

Iritsi da esperotako finala!

Maialen Igartua

Olaizola eta Irujo pilotak aukeratu ostean

Kostata, baina iritsi da eguna azkenean. Bihar bertan jokatuko dute Aimar Olaizola goizuetarrak eta Juan Martinez de Irujo errioxarrak laut’terdiko finala. Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da partidua. 3000 eserleku ditu pilotalekuak, eta guzti guztiak betetzea espero da. Izan ere, bi pilotariak dira ospe handikoak, eta lehen ere txapel bat baino gehiago irabaziak. Lehia gogorra izango da, beraz.

Finalerako pilota aukeraketa joan den ostegunean egin zuten, inongo arazorik gabe. Irujok 105,3 eta 105,6 gramoko pilotak aukeratu zituen, eta Olaizolak 104,8 eta 105,4 gramokoak. Ez dago, beraz, alde handirik biek aukeratutakoen artean.
Irujo, iazko txapela irabazi zuenean, alabarekin


Faborito nagusia Irujo da. Bera da gaur egun kategoriako txapelduna, aurreko finala berak irabazi baitzuen. Olaizolak, gainera, behatz babesle batekin jokatu beharko du. Izan ere, orain dela aste batzuk hatza apurtu zuen, eta oraindik guztiz osatu gabe dago. Arrazoi horrengatik atzeratu dute finala bi aldiz. Hasiera batean azaroaren amaieran jokatzekoa zen bi pilotarien arteko norgehiagoka.

Ez da bi pilotari hauek elkarren aurka jokatzen duten lehen finala izango. 2008an ere euren artean jokatu zen laut’erdiko finala, eta kasu hartan Olaizolak irabazi zuen txapela, 22-17 emaitzarekin. Izan ere, Olaizolaren aurrekariak aipatzeko modukoak dira: hiru aldiz heldu da finalera, eta hiruetan irabazi dio aurkariari. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den oraingoan.
Bideo honetan ikus daiteke Olaizolak erabiliko duen hatz babeslea nolakoa izango den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario