martes, 13 de diciembre de 2011

Bartzelonak bere nagusitasuna erakutsi du Madrilen

Maialen Igartua

Ezer ez da dirudiena, eta horixe gertatu zen larunbatean Bernabeun ere. Lehen minutuan lortu zuen Real Madrilek Guardiolaren mutilei gola sartzea. Benzemak sareratu zuen baloia, Victor Valdes atezainaren hutsegite nabarmenaren ondoren. Di Maria jokalariari pasa nahi izan zion baloia Valdesek, bina Benzemak ederki aprobetxatu zuen aukera.
Real Madrilek partiduaren nagusitasuna lortuko zuela zirudien momentu horretan, baina kataluniarrek  berehala eman zioten buelta egoerari, eta argi utzi zuten ez direla Mourinhorenak baino gutxiago. 1-3 amaitu zen bi handien arteko lehia.

Benzema, partiduko lehen gola sartu ondoren
Bartzelonari apur bat kosta zitzaion lehen gola sartzea. 6. minutuan saiakera egin zuen Messik, baina Iker Casillas Real Madrileko atezainak ederki desbideratu zuen baloia. Aukerak ez ziren hor amaitu. 26. minutuan Xavik falta bat jaurti zuen, baina baloia ez zen sarean sartu. Azkenean, handik minutu gutxira heldu zen lehen gola, 29. minutuan. Alexix jokalari txiletarra izan zen gola sartu zuena, eta 1-1 berdinduta joan ziren atsedenaldira.
Partiduaren bigarren zatian indartsu sartu ziren Guardiolaren mutilak, eta lehen unetik nagusitu ziren. Blaugranen bigarren gola 7. minutuan iritsi zen. Xavik sartu zuen, eta 1-2 utzi zuen markagailua.

Xavi, gola sartu ondoren
Real Madrileko jokalariek izan zituzten hainbat aukera gola sartu eta markagailua berdintzeko, baina ez zuten lortu. Partiduaren 19. minutuan, esaterako, Cristiano Ronaldo jokalari portugaldarrak aukera bikaina izan zuen gola sartzeko, baina errematea kanpora joan zen, oso desbideraturik.
Gauzak hala, Cesc Fabregasek blaugranen hirugarren gola sartu zuen partiduaren 65. minutuan. Dani Alvesek ederki erdiratu zuen baloia, eta Fabregasen errematearen ondoren baloia zuzen zuzenean sarean sartu zen. Markagailua 1-3 utzita, hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen Bartzelonak, eta bere nagusitasuna argi utzita itzuli ziren Kataluniara.

Azpiko bideo honetan partiduko golak ikus ditzakegu:


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario