viernes, 16 de septiembre de 2011

Garaipena, azkenean!


Hirugarrenean ez, laugarrenean. Lau partidu behar izan ditu Bielsaren taldeak garaipena lortzeko denboraldi honetan. Eta beharrizanak estutzen zuenean lortu ere. Rayori irabazi ezinean egon ostean, eta Espanyolen aurka merezi gabe galdu ondoren, Slovanen aurkako Europa Leagueko partidua irabaztea lehentasunezkoa bihurtu zen.

Atzo beltzez zihoazen bilbotarrak hastapenetik nahi izan zuten baloiaren jabe izan Bratislavako Pasienky Stadiumean. Bielsaren ideia asimilatzen doazela ematen du. Eta azkenean atzo fruituak eman zituen joko onak. Birritan abisatu zuen Athleticek lehen zatiko hasieran, Gabilondoren eta Iturrasperen jaurtiketekin. Baina  13. minutuan izan zen gola. Llorente eta Muniainen (partiduko onena) arteko jokaldi ederra Susaetaren oinetara heldu zen, eta eibartarrak ez zuen hutsik egin.


Golaren ostean Athletic baloiaren jabe izaten jarraitu zuen, eta hainbat aukera izan zituen bigarrena egiteko. Baina, futbolean askotan gertatzen den moduan, gola sartzeko ez da beti merezi behar izaten. Eta Slovanek atzo zorte hori eduki zuen. 34.minutuan Guedék norgehiagoka berdindu zuen, defentsaren ezjakintasunaz baliatuz. Hala ere, sei minutu geroago Muniainek partiduko golik politena sartu zuen, 1-2koa ezarriz. Bigarren zati hasieran Slovanek bi aukera argi izan zituen berdinketa lortzeko, eta gol bat baligabetu zuen Alon Yefet arbitro israledarrak.


Hortik aurrera talde eslovakiarra ez zen gehiago urreratu Iraizozen atera. Athleticek ordea, baloiaren jabetza berenganatuz defendatu zuen azkeneko ordu laurdenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario