viernes, 16 de septiembre de 2011

ARITZ LASA ONDO DAGO OSTEGUNEKO GOLPEAREN OSTEAN, BAINA ATSEDENA HARTZEKO ESKATU DIOTE MEDIKUEK



"Ondo nago, eta ahal bezain laster jokatu nahi dut. Medikuek baimena ematen badidate, 23an Logroñon egon nahi nuke". Aritz Lasa pilotariaren adierazpenak dira. Ikaragarrizko pilotakada jaso zuen Lasak joan den astean, Bermeon partidua jokatzen ari zela. Aurpegian jo zion pilotak, eta Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten golpearen larritasunagatik. Partidua, berriz, bertan behera utzi zuten.


Ordu batzuetan eduki zuten ospitalean, eta aurpegiko muskulu batzuk hautsita zituela ikusi zuten. Dena den, ez diote ebakuntzarik egingo. "Eskerrak masailean eman zidan. Begian edo sudurrean eman izan balit okerragoa izango zen", dio Lasak. Pilotalekuetara itzultzeko gogoa du Lasak, baina medikuek atsedena hartzeko agindu diote. Gutxienez hiru edo lau astez egon beharko da partidurik jokatu gabe, eta entrenatu gabe.
Aritz Lasa lurrean, pilotakada jaso zuenean.

EITB kateari elkarrizketa eman dio Lasak aste honetan bere jaioterrian (Urretxun), eta ez zuen batere itxura txarrik. "Kalean nabilela ikustean, herriko jende askok ez du sinesten pasa zitzaidana. Irakurri zutenagatik, larriagoa izan zela uste zuten, eta harritu egiten dira ondo nagoela ikustean", adierazi zion Lasak Diario Vasco egunkariari.

Pilota munduan ohikoa izaten da pilotakadak jasotzea, eta, Lasak zortea izan duen arren, batzuek ondorio larriagoak izaten dituzte. Garikoitz Altuna pilotari amezketarrak, esaterako, pilotan jokatzeari utzi behar izan zion begian golpe bat jasota.

No hay comentarios:

Publicar un comentario