lunes, 17 de octubre de 2011

Josetxu Rodrigez: "Medio digitaletako kazetariak oso bizkorra izan behar du"

Maialen Igartua

“Kazetari digitalak oso bizkorra izan behar du, beti adi egon behar du, eta jendeari zer interesatzen zaion jakin behar du”. Halaxe definitu du Josetxu Rodrigezek medio digitaletako langile ideala, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean eman duen hitzaldian. Deia egunkariaren edizio digitaleko edukien arduraduna da Rodrigez.
Josetxu Rodrigez
Rodrigezek azaldu duenez, medio baten webgunean lan egiten duten kazetariek egunean 2.000 teletipo inguru jasotzen dituzte erredakzioan, eta lan “izugarria” egin behar izaten dute albiste guzti horien artetik batzuk bakarrik aukeratzeko. Horregatik, webguneetako kazetariak eta papereko ediziorako lanean ari diren kazetariak uneoro harremanetan egoteko beharra nabarmendu du Rodrigezek, bestea zer egiten ari den jakiteko momentu bakoitzean.
Oso garrantzitsua izaten da webguneko albisteak ondo aukeratzea eta dagokien garrantziaren arabera kokatzea. Izan ere, Rodrigezen esanetan, erabiltzaile bakoitzak bataz beste minutu bat eta hamabi segundo baino ez dituzte pasatzen albiste bat irakurtzen.
Azken finean, webguneetan zenbat jende sartzen den, zein albiste irakurri duten, zenbat denbora pasa duten eta halako datuak gordeta geratzen dira, eta kazetariek segituan jakin dezakete. Hortaz, albistea publikatzen dutenetik gutxira jakingo dute euren lana ongi egin duten, hala ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario