domingo, 2 de octubre de 2011

Badoa Galdeano...


Esaerak dioen bezala, dena amaitzen da, eta Igor Gonzalez de Galdeanoren Euskalteleko lana ere amaitu egin da. Enpresa utziko duela jakinarazi du aste honetan. Antza denez, ez du arazorik izan; sei urtetako nekeagatik joango dela adierazi du gasteiztarrak. (Hemen, Galdeanoren bloga)

Euskalteleko managerra izan da Galdeano, eta karguan sei urtez egon ondoren, bere postua taldeari “ilusioa” emango dion norbaitek hartzea hobe dela uste du. Izan ere, kargua hartu zuenean bazekien lan gogorra izango zela, baina azkenaldian lanez lepo egon da, eta horrek ahitu egin du. Orain “erronka berriak” behar dituela dio Galdeanok.

Gonzalez de Galdeano eta Madariaga, batera
Aspaldian ari zen kargua uzteko aukerak aztertzen, eta joan den Frantziako Tourrean jakinarazi zion bere asmoa Miguel Madariaga Euskalteleko buruari; publikoki, berriz, aste honetan iragarri du. Dena den, oraindik taldean jarraituko du pixka batean, eta bitarte horretan 2012ko denboraldia prestatzen arituko da, halaxe eskatu baitio Madariagak. Datorren urtarriletik aurrera, berriz, Gorka Gerrikagoitiak hartuko du manager postua, oraingo kirol zuzendariak.

Madariaga “kezkaturik” agertu da, konfiantza guztia beragan jarria baitzuen. Dena den, bere erabakia “ulergarria” iruditu zaio, eta errespetatuko duela esan du. Galdeanok argi utzi nahi izan du Madariagak “oraindik lan-talde ona” duela. “Beti egongo naiz hari laguntzeko prest".

No hay comentarios:

Publicar un comentario